2007/05/23

HAURRAK ETA BULLYINGA

Hitz berria ematen du baina gertaera zaharra da. Bullinga gertatzen ari dela eta ez ikasleen arteko liskar edo haserraldi "normala" esango dugu errepikakortasuna eta iraupena faktoreei helduz. Bullyinga ez da behin gertatzen, ezta ere istilu bakar bat, alderantziz baizik; errepikatu izaten dira eraso motak, protagonistak, momentuak eta lekuak. Erasotzailea biktima baino indartsuagoa da ez fisikoki bakarrik, biktima nahiko baztertua egoten da ikasle taldean ere. Eraso egiteko momentuan ez da pertsona heldurik egoten inguruan eta biktimak, eta egon baldin bada, lekukoek ere presio izugarria daukate gainean isilpean gordetzeko. Gainera nahita egindako erasoak dira. Ez dira bromak ezta ume kontuak ere.
Milaka ZERGATIEN artean garrantzitsuenetarikoa ez da erasotzailearen familiaren maila ekonomiko jakin bat, ez gurasoen ikasketa maila, ezta ere auzo jakin batean bizitzearen ondorioa. Arrazakeria eta desberdina denarekiko tolerantzia eza ere kaltegarriak dira. Guztiok daukagu erantzunkizuna gai honen inguruan baina gurasoek heziketa eta baloreak lantzea ezinbestekoa da eta zeregin hau ezin dute eskolaren eskuan utzi.
Gurasoek maitasun nahikoa ematea, portaera ezegokiei mugak argi jartzea eta tratu txarrak edo adibide txarrak ez ematea garrantzitsua da. Baina etxean dena ondo eginda ere, norberaren ezaugarri psikologikoek eragin handia izan dezakete.
Seme-alaba biktima dela antzemateko zantzuak hauek izan daitezke: ubeldurak agertzea, arropa zein eskolako materiala apurtuta ekartzea, ohi baino diru gehiago eskatzea, portaera edo ohitura aldaketak, lo egiteko arazoak, eskolara joan nahi ez izatea, eskolara joateko gaixorik dagoela esatea, eskolara ez joatea, lagunei buruz hitz egin nahi ez izatea.
Familiak susmoak baditu, ikaslearen anai-arrebekin edo lagunekin hitz egin dezake. Egoera konfirmatzen badute ez du inoiz erasotzailearengana edo honen familiarengana zuzenean joan behar. Eskolara joan behar du, tutorearekin hitz egin eta egoera bideratzen lagundu. Kasu honetan ere familiak seme-alabari bere babesa eta maitasuna adierazi behar dizkio eta berarekin adostu eman beharreko pausuak. Erasoak gertatzen diren tokietatik urruntzea edo toki horietan beste norbaitekin egotea, adibidez, oso gomendio onak dira. Biktima saiatu behar da sentitzen duen mina erasotzaileen aurrean ez azaleratzen, horixe baita beraiek nahi dutena, bera sufritzen ikustea. Biktimak jakin behar du bera ez dela erruduna eta esaten diotena haien inbidiaren adierazlea baino ez dela.
Lekukoen familiek ere badute zereginik. Portaera bidegabe horiek onartezinak direla esan behar diete, eta horien aurrean ezin dela ezikusiarena egin. Ikasi egin behar dute heldu bati gertatzen denaren berri ematea ez dela "txibatoa" izatea baizik eta sufritzen ari den pertsona bati laguntzen ari direla eta erasotzaileari bere portaera aldatzeko aukera eman behar zaio.

• www.ikasle.net Euskadiko web orrialdea eskolako bullyingaren inguruan. Bertan irakasle, guraso eta ikasleentzako materiala, aholkuak eta orohar informazioa jaso dezakegu.
Psikologoen iritzia.


No hay comentarios: